Nafarroako Gazte Kontseiluak (NGK) ‘Reactivar Navarra’ planerako proposamenen dokumentu bat taxutu du ikuspegi gaztea kontuan izan dadin. Guztira, 160 neurri baino gehiago aurkeztu dira, beste askoren artean, osasunean, enpleguan, hezkuntzan eta etxebizitzan eragina duten alderdiak jasoz.

Dokumentua COVID-19 birusak sorrarazitako krisiaren testuinguruan aurkezten bada ere, neurri asko Kontseiluak azken urteotan gauzatutako partaidetzazko prozesu ezberdinen ondorio dira. Hori dela eta, egoeraren ondoriozko diagnosi eta proposamenekin (pandemiak eragindakoak) batera, egiturazko beste zenbait (pandemiaren aurrekoak) barneratzen dira. Kontseiluko presidente den Juan Gutierrezek nabarmentzen duenez “gazteria oinarrizko alderdi askotan kolektibo ahula da eta are gehiago atzeraldi ekonomikoko garaian”.

160 proposamen baino gehiagoren artean gazteen egoerari buruzko ikerketa-diagnosi osoko eta zeharkako baten eraketa nabarmentzen dute, osasun krisi honen ostean haien egoera zein den ezagutzeko, edo II. Estrategiaren eta Gazteria III. Foru Planaren eraketa, pertsona gazteen errealitate berriari erreparatuz. Etxebizitzaren esparruan, gazteentzat eta, oro har, gizartearentzat irisgarria izango den etxebizitzarekin lotutako eskaintza aski bat bermatzea eskatzen da. Bestalde, hezkuntza arloan ikasgeletarako itzulera baldintza seguruetan egin dadila bermatzea eskatzen da, eta kalitatezko hezkuntza ahalbidetuz. Bestalde, osasunari dagokionez, gaixotasunaren berragerpena ekiditea bermatzeko harreman mailan beharrezkoak diren aldaketei buruzko sentsibilizazio bat proposatzen da, bizitza osasuntsurako azturei buruzko proposamenekin batera.

Juan Gutierrez Kontseiluko presidentearen arabera “proposamenak egite hutsarekin ez da aski izango arazo horiei guztiei irtenbidea emateko. Pertsona gazteak halako prozesuetan inplikatu behar dira eta instituzioek entzun egin behar dituzte”. Ildo horretatik “NGK kontseiluak krisi honen eraginak arintzeko beharrezkoa den guztian lan egiteko bere prestutasun osoa” erakutsi nahi du.

Gainera, Gutierrezek ziurtatzen zuenez “gazteek normalitate berria behar dute maila guztietan. Paternalismotik, helduak erdigunean ipintzetik eta asistentzialismotik urrun kokatzen den normalitate berria, non gaztea politiketako parte aktibo izango den, haiek herritar modura hartuz eta ez proiektu gisa edo etorkizunera begirako zer gisa. Finean, gazteek beren ahotsa entzuna eta aintzat hartua izango den normalitate berria behar dute”.

Gazteriaren kriminalizazioa

Azken hileotan sarritan gazteriaz hitz egin izan da gizartearekiko haien konpromisoa eta beren erantzukizuna zalantzan jartzeko, lehen lerroan lanean izan diren pertsona gazte horiek guztiak ahantziz: osasun arloko langileak eta, are, praktiketan aritu diren osasun karreretako ikasleak, ryderrak, supermerkatuetako eta elikagai establezimenduetako langileak eta, beren kabuz, boluntariotzaren bidez laguntzeko modua aurkitu duten guztiak. Horregatik guztiagatik Gutierrezek argi utzi du Kontseiluaren iritzia: “Pertsona gazte gehienek hilabeteotan bizitzako egoera bereziki konplikatuaren aurrean erakutsi duten eginahal eta erantzukizuna aitortu nahi dugu”.