ZER DA KONTSEILUA?

KONTSEILUA

 

Nafarroako Gazteriaren Kontseilua 1986an sortutako Nafarroako gazteria ordezkatzeko organoa da. Gazteen partaidetza bideratzea du helburu, baita gazteen eta gazte-elkarteen eskubideen alde borrokatzea eta interesak defendatzea ere.
Erkidegoaren hiru talderen arteko zubia da: gazte-elkarteak, gazteak eta Gobernua-Administrazio Publikoa.

 

Ordezkagarriak izateko, gazteek zuzendutako talde eta elkarteetan oinarritzen den eredua jarraitu egiten da. Izan ere, horrela gazteriaren pentsamoldea era plural eta bidezkoan islatzen dela uste dugu. Horregatik, Kontseilua askotariko erakundeek osatzen dute, aisialdikoak zein giza eskubidekoak, eta beste erakunde asko ere bai.

 

Hausnarketa eta ideien eta esperientzien trukea sustatzen duen plataforma plural bat lortzeko egiten dugu lan, baita sortzen diren proposamenak, aldarrikapenak eta salaketak Administrazioari, gizarte-eragileei eta komunikabideei bidaltzeko ere. Gazteriaren arazoei, kezkei eta asmoei erantzutera eta bere bizi-kalitatea hobetzera zuzenduta dago guztia, hain zuzen ere.

 

Gure lan ordezkagarri, kritiko eta aldarrikatzaileak NGK finkatu du gazteriaren interesen baliozko ordezkari eta, aldi berean, jarduera-eremuak geureganatzeko aukera eman digu, non gazteak ikusle huts izatetik protagonista izatera pasa garen. Eta, horregatik, lanean jarraitzen dugu.

 

BATZORDE IRAUNKORRA

 

Batzorde Iraunkorra batzarren hitzarmenak gauzatzeko ardura duen taldea da, eta Kontseiluaren ordezkaritza bere gain hartzen du Batzar Nagusia bilduta ez dagoenean. Batzarretan egindako bozketetan aukeratzen diren pertsonak dira eta karguak bi urteko iraupena du. Batzorde Iraunkorraren parte izateko gehieneko adina 30 urtekoa da.

Batzorde Iraunkorraren kide bakoitzak aldi horretan zehar burutu beharko dituen eginkizun eta ardura batzuk ditu, betikoetatik hasita, Idazkaritza edo Diruzaintza besteak beste, oso arruntak ez direnetara arte, Berdintasun Sailaren arduraduna, adibidez.

Batzorde Iraunkorra aldizka biltzen da Kontseiluaren kudeaketa planifikatzeko eta aurrera ateratzeko, behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuz.

Osatzen duten
pertsonak ikusi

 

TALDE
TEKNIKOA

 

Talde teknikoa kontratatutako pertsonek osatutako taldea da, eta Kontseiluan egunero dena ondo ateratzeko eta ekintza eta proiektu guztiak burutu ahal izateko lan egiten dute. Eskuragai daude beti edozein zalantza edo kontsulta bulegoan bertan edo telematikoki erantzuteko.

Osatzen duten
pertsonak ikusi