• Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (NGK) eta Espainiako Gazteriaren Kontseiluak (CJE, gaztelaniaz) Gazteriaren Emantzipazio Behatokia aurkeztu dute. Horretan, 2019. urtearen lehenengo seihilekoan Nafarroako gazteen % 21,4a bakarrik emantzipatuta zegoela erakutsi da
  • Izan ere, alokairuen salneurriak gora egin du %9,46, eta bakarrik bizitzera joan nahi diren foru-erkidegoko gazteek haien soldataren % 67,1a zuzendu beharko lukete hori ordaintzera
  • Enpleguari dagokionez, gazteen langabezia-tasa %11n dago, baina kontratu berrien ia % 95a aldi baterako kontratuak izan dira

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (NGK) eta Espainiako Gazteriaren Kontseiluak (CJE, gaztelaniaz) 2019. urtearen lehenengo seihilekoari dagokion Gazteriaren Emantzipazio Behatokia (OBJOVEM) aurkeztu dute, CJE-k berak eginda. Datu horien artean, nabarmena da denboraldi horretan Nafarroako 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 21,4a emantzipatuta zegoela bakarrik. Kopurua beste erkidegoetakoa baino handiagoa da, baita aurreko urteko denboraldi berekoa baino handiagoa ere (% 16), baina datu “negatiboa” izaten jarraitzen du, Juan Gutiérrez-ek, NGK-ko presidenteak, adierazi du. Berarekin batera CJE-ko presidentea, Manuel Ramos, eta ikerketa egin duen soziologoa, Joffre López, egon dira.

Horrez gain, Behatokian azpimarratu da igoera ez dela 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean nagusitu; talde horretan, emantzipazio-tasa bost puntu jaitsi da, eta orain % 72,1ekoa da. Aipatu beharra dagoen beste datu bat da emakume gehiago emantzipatzen direla gizonak baino. Beste alde batetik, alokatzeko etxebizitzen salneurriak % 9,46an gora egin du foru-erkidegoan, 648 euroko batez besteko alokairura iritsi arte. Beraz, egoera horretan, gazte batek berak bakarrik emantzipatu ahal izateko, soldata garbiaren % 67,1a zuzendu beharko luke. Etxebizitza partekatzeko aukerak, Iruñan, ahalegin ekonomiko txikiagoa eskatzen du, baina hori ere garestitu egin da aurreko urtearekin alderatuta: batez besteko alokairua 302,58 euro hilabetekoa da, hau da, soldataren % 31,3a.

Langabezia gutxiago, prekaritate gehiago

Nafarroa langabeziarik gutxien duen autonomia-erkidegoa da: langabezia-tasa % 11koa da. Hala ere, Behatokian aipatzen da gazteak egoera larrian sartzen direla lan-merkatuan. Hori behin-behinekotasunaren ondorioz gertatzen da: 2019. urtearen bigarren seihilekoan, tasa % 60koa zen. Denboraldi horretan, eta SEPE-ren datuen arabera, sinatu ziren kontratu guztien % 95,2a aldi baterakoak izan ziren. Lanaldi osoan lan egiten duen biztanleriari dagokionez, ia-ia hamahiru puntutako aldea ikusten da gizonezkoen (% 83,6) eta emakumezkoen (% 70,7) datuen artean.

Horrez gain, Nafarroa (2018an) pobrezia-tasarik txikiena duen erkidegoa da: gazteen % 14,2a gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dago. Hala ere, ikusi da emakumeek egoera hori pairatzeko arrisku handiagoa dutela, batezbestekoa baino askoz handiagoa, alegia: % 21,3.

Konpromisoa

Datu horiek aurrean, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko presidenteak, Juan Gutiérrez-ek, adierazi du “behin-behinekotasuna, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza gazteen enpleguari dagokionez, edo gazteek etxebizitza bat izateko erabili behar duten errentaren ehunekoa ikusita kezkatuta dagoela”. Aldi berean, erakundeei deitu die “Behatokia aintzakotzat har dezaten, Nafarroako egoera modu adierazgarrian erakusten duelako”. Gainera, Gutiérrez-ek “lanean aritzen jarraitzeko” konpromisoa hartu du, “gazteentzako enplegu-plan zehatza egiteko, eta EmanZipa programa gazteok bizi ditugun egoeretara molda dadin”.