‘Gazteria eta politikoak, hitz egingo dugu?’

  • Legebiltzarreko Atrioan ospatutako ekitaldian Nafarroako eremu ezberdinetatik etorritako 30 gazte inguruk parte hartu dute
  • Uxue Barkos, Mikel Buil, Maria Chivite, María Luisa de Simón Javier Esparza eta Bakartxo Ruizek gazteen eskaerak entzun dituzte
  • Garraioan, osasunean edo etxebizitza arloan egiteko hobekuntzak izan dira planteatu diren gaietako zenbait

Nafarroako Gazte Kontseiluak (NGK) ‘Gazteok eta Politikariak, hitz egingo dugu?’ izeneko proiektuaren azken ekitaldia burutu du larunbat honetan Nafarroako Parlamentuko Atrioan. Bertan hogeita hamar gazte parte hartu dute eta Nafarroarako dituzten eskaera eta proposamenen berri eman diete hurrengo foru hauteskundeetarako zerrendaburuei. Uxue Barkos (Geroa Bai), Mikel Buil (Podemos Ahal Dugu), María Chivite (PSN), María Luisa de Simón Caballero (Izquierda-Ezkerra), Javier Esparza (Navarra Suma) eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eskaerak entzun dituzte eta hurrengo legealdian horiek gauzatzeko konpromisoa hartu dute.

Ekitaldia arratsaldeko 16:00etan hasi da Miguel Garrido NGK kontseiluko presidentearen diskurtsoarekin. Lehendabizi bere esker ona adierazi nahi izan die “ekitaldira bertaratu diren eta Nafarroan garatzeko oso interesgarriak diren ideiak eman dituen proiektu osoan zehar parte hartu duten pertsona gazte guztiei. Halaber, esker onak ordezkari politikoei bertaratu eta elkarrizketarako prestutasuna azaltzeagatik”. Halaber, Garridok nabarmendu duenez, ekimen honekin “agerian geratu da gazteek berezko ideiak dituztela eta horiek azaltzeko halako abaguneak emanez gero, emaitza oso positiboa da”.

Kontseiluko presidenteak politikariei zuzendutako mezu batekin amaitu du bere agerraldia. Hala, hurrengo legealdirako zera eskatu die “pertsona gazteak aintzatesteko egiazko konpromisoa har dezatela, izan ere, ez dugu ahantzi behar etorkizuna garela, baina baita orainaldia ere”. Hitz horien ondotik, gazte eta politikarien arteko topaketari eman zaio hasiera. Sei mahaitan banatuta, hautagai ezberdinek Foru Erkidegoko gazteen egiazko arazoak entzun eta horien inguruan solasean aritzeko parada izan dute, arazo horiek konpontzeko proposatzen dituzten neurriak entzuteaz batera. Proposamenak oso anitzak izan dira. Haatik, hainbat konturekin bat etorri dira: hobekuntzak garraioan eta konexioetan, ikasleentzako laguntzak, etxebizitza aurkitzeko erraztasunak edo osasunarekin lotutako alderdiak, batez ere Iruñetik urrunen dauden zonaldeei so.

Topaketaren ondoren, Barkos, Buil, Chivite, De Simón, Esparza eta Ruizek hitza hartu dute ekitaldiaren inguruko beren ondorioak azaltzeko. Beren agerraldietan “oso positibotzat” jo dute ekimena eta hurrengo legealdian proposamen ezberdinak lantzeko konpromisoa hartu dute.

‘GAZTEOK ETA POLITIKARIAK, HITZ EGINGO DUGU? PROIEKTUA

‘Gazteok eta politikariak, hitz egingo dugu?’ izenekoa Erasmus+ programak finantzatutako proiektu bat da. Hartako lehen fasea joan den maiatzaren 3an abiatu zen. Hartan, Kontseilua astebetez hainbat herritan izan da, besteak beste, Altsasu, Tutera, Lizarra, Tafalla, Zangotza eta Iruñean. Horietako bakoitzean lantaldeak eratu dira (guztira 46 gazte parte hartu dute) eta haien barnean, dinamika ezberdinen bidez, parte-hartzaileek beren zonaldetan dauden arazoak eta horiek hobetzeko proposamenak azaltzeko aukera izan dute. Hasierako diagnosi hori izan da Nafarroako Legebiltzarrean burututako azken ekitaldira eraman dena.