• Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kontseiluak eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak uste dute COVID-19 gaixotasunak eragindako krisialdiak “eragozpen handiak” sortu dituela ikasleek ikasturtearekin jarraitzeari dagokionez
  • Izan ere, Ikasleen Kontseiluak zenbait aste daramatza egoerari buruz ohartarazten, eta matrikulen ordainketa edo praktikak berriz aztertzea eskatu du
  • Kontseiluek erakundeekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute konponbide eraginkorra ahalik eta azkarren aurkitzeko, eta ikasle guztiak kontuan hartzea eskatu dute

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kontseiluak (CEUPNA) eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (NGK) Nafarroako Unibertsitate Publikoa bultzatu dute ikasleek salatu dituzten arazoei erantzutera. Izan ere, azken orduetan hainbat kontu salatu dira sare sozialen bitartez. Ikasleek mahaigaineratu dituzten hainbat egoeraren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasleen artean frustrazioa eta adorerik eza nagusi direla argi geratu da. Egoera ikusita, Ikasleen Kontseiluko presidentea, Oskar Fernández Luzuriaga, eta NGKko presidentea, Juan Gutiérrez, modu telematikoan elkartu dira eta kontu horri ekin diote konponbideak aurkitu nahian.

Presidenteek azpimarratu dute “COVID-19 gaixotasunaren ondorioz nagusitu egin den gaur egungo egoerak dagoeneko hainbat arazo eragiten dituela eta horiek, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasleei dagokienez, larriagotu egin dira zenbait irakaslek ez dutelako konpromisorik hartu Errektoretzarekin adostutako gomendioak ezartzean”. Horregatik, igarotako ia bi hilabete hauetan zehar Ikasleen Kontseiluak eta NGKak “gogor lan egin dute ikasleek izan dituzten hainbat zailtasunari konponbideren bat aurkitzeko”. Gainera, adierazi dute “unibertsitateko hezkuntza-sistemaren oinarrizko partaide, ikasleek erabakietan parte hartu behar dutela, eta horien ordezkariak entzun eta kontuan hartu behar direla”. Aldi berean, kezkarik handienetako bat “eten digitalari lotutako edozein arrazoirengatik irakaskuntza-sistema berrian orain arte sartu ezin izan diren ikasleak” direla azpimarratu dute.

Aurretik adierazitakoaren ondorioz, Ikasleen Kontseiluak eta NGKak uste dute “ezinbestekoa” dela jarraian aipatuko diren arazoei ahalik eta lasterren ekitea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek martxoan dekretatu egin zen alarma-egoera hasi zenetik jasan behar izan dituzte eta:

  1. Matrikulen ordainketa: irakaskuntza telematikoa ez bada behar bezala eskaini eta, ondorioz, ezin bada bermatu ikaskuntza eraginkorra, matrikulen zenbatekoa itzuli beharko da.
  2. Emaitza txarrak: COVID-19 gaixotasunak eragindako krisialdiaren eta sortutako hainbat egoeraren ondorioz emaitza akademiko txarrak nagusitu badira, horiek ez lukete datorren ikasturteko matrikulen salneurrietan, diru-laguntzak eskuratzean, edo unibertsitatean jarraitzean eraginik izan beharko.
  3. Informaziorik eza: alarma-egoera hasi eta bi hilabete igaro ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ziurgabetasun handiko egoeran jarraitzen dute, eta horrek askotan antsietatea eragiten du. Ikasleek ebaluazio-metodoei dagokienez dituzten kontu ezezagun guztiak ahalik eta azkarren argitzea beharrezkoa da; izan ere, zenbait irakaslek oraindik ez dute argitu nola izango diren haien irakasgaien azkeneko azterketak. Nolanahi ere, hartzen diren neurriak seguruak eta arrazoizkoak izan beharko dira, eskuratutako ezaguera eta gaitasunak erakusteko egoera ona dela bermatuz.
  4. Praktikak: krisialdiaren hasieran zenbait praktika eta nazioarteko lekualdaketa eten egin ziren baina, ia bi hilabete igaro ondoren, horiek burutzen direla bermatu beharra dago, baita horietan zehar segurtasun-neurriak hartzen direla ere. Halaber, erantzun garbia eman beharko da noiz burutuko diren oraindik jakinarazi ez den kasuetan, edo gutxienez orientabidea eman beharko da. Horrez gain, matrikulen salneurria itzultzeko aukera egon beharko litzateke edo, praktikak beste aldi batean burutzen badira, ondorio ekonomikorik ez direla egongo ziurtatu beharko litzateke.

Aldez aurretik aipatu den guztiagatik, Fernández-ek eta Gutiérrez-ek uste dute “kontu hauei erantzun azkar eta argia eman behar zaiela Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek berez zaila den ikasturtea ahalik eta berme handienekin amaitu dezaten”. Ildo beretik, “Kontseiluak kontu honi dagokionez eskumena duten erakundeen esanetara daude guztion artean egoera alda dezagun”.