Osasun-sexualeko kanpaina 2019

  • Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (NGK) eta HIESaren Aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarra (HANBH) Iruña Rock, Marea, Turmalina Fest, Ribera Sound, Karkarreko Punk eta Holika Fest jaialdietan egongo dira
  • Karpa bat jarriko da, non informazioa eta doako prebentziozko materiala banatuko diren
  • Kanpaina honen helburua sexualitatea gozatzea da, gazteek prebentziozko neurriak hartuz, eta haien artean zainduz

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (NGK) eta HIESaren Aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrak (HANBH) sexu-osasuna sustatzeko kanpaina antolatuko dute, Nafarroan maiatzean eta ekainean egiten diren hainbat musikaldietan burutuko dena. Ekimena maiatzaren 10ean hasi zen, Estaciones Sonoras jaialdian, Cascanten, eta asteburu honetan bi erakunde horiek Iruña Rock-en (maiatzaren 24-25) egongo dira, Nafarroa Arenan. Horrez gain, datozen asteetan NGKak eta HANBHak gauza bera egingo dute honako jaialdi hauetan: Marearen kontzertua (ekainak 1), Turmalina Fest (ekainak 8), Ribera Sound (ekainak 14 eta 15), Karkarreko Punk (ekainak 21 eta 22) eta, azkenik, Holika Fest (ekainak 27, 28 eta 29).

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta HIESaren Aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrak karpa bat ipiniko dute jaialdi bakoitzean, non sexu-osasunari, eskualdeko zerbitzu eta baliabide publikoei, eta elkarteei buruzko informazioa banatuko den; horrez gain, STI eta HIESaren prebentzioari buruz ere jasoko dute informazioa. Kanpaina musikaldian integratu nahian, txartel-zorroak banatuko dira, honako osagai hauekin: gizonezkoentzako preserbatiboa, labaingarria, eta mezuak daraman txartel bat, non gozamena, errespetua, eta arrisku eza daukaten harremanak sustatzen diren; jaialdian joko duten musika-taldeen hitzetatik ateratako mezuak, alegia, jokabide onei, sexu-aniztasunari, sexualitateari, berdintasunari buruz… Gainera, prebentziozko materiala eskainiko da: emakumezkoentzako preserbatiboa, gizonezkoentzako preserbatiboa, zaporezkoak, latex-koadrantea, eta labaingarriak. Azkenik, banan-banako aholkularitza emango zaio eskatzen duenari.

Esku-hartze honen bidez, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta HIESaren Aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrak honako helburu hauek lortu nahi dituzte: 1) Arriskurik gabeko bizitza sexuala izateko tresnak eta gaitasunak eskaini eta sustatu; 2) Osasunaren sustapenaren esparruan heziketa-lanak burutu (substantzia-kontsumoa, osasunerako heziketa, afektibitate- eta sexu-heziketa, genero ikuspuntutik); eta 3) Prebentziozko materiala eta material hezigarria eman.

 

NAFARROAKO DATUAK

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak argitaratutako buletin epidemiologikoaren datuen arabera, azken bost urteetan HIESaren diagnostiko berrien % 41a 35 urte baino gutxiagoen artean egin da. Emakumeen artean, kopurua % 48ra arte igo egin da.

2018an, 146 gonokozia-infekzio kasu jakinarazi egin ziren, hau da, 2017an baino % 35 gehiago. Horrez gain, 90 sifilis-kasu jakinarazi ziren, aurreko urtean baino % 70 gehiago. Azpimarratzekoa da horren % 59 30 urte baino gutxiagoen artean izan zela.