Gazteok hainbat urte daramatzagu alarma-egoeran, ez Covid-19 gaixotasunaren eraginez, baizik eta gure errealitateagatik eta gure bizitza-proiektua sortzen saiatzen garenean aurkitzen ditugun oztopoengatik. Kalitatezko hezkuntza eskuratu, lan duina aurkitu, eta etxebizitza bat jasotzeko aukera izan nahiko genuke, hain zuzen ere.

Gaurko egunez 1886. urtean, Chicago-ko martiriek lanaldia 8 ordutara mugatzen zuen legea lortzearen alde borrokatu egin zuten. Nahiz eta ordutik aurrera hainbat erdiespen lortu, 134 urte geroago oraindik lanari lotutako arazoak gazteon buruhausterik handienetako batzuk izaten dira, eta aurre eman behar zaion erronkarik garrantzitsuenetakoa da lana. Eta, gainera, berehala egin behar da.

Atzera begiratuz gero, konturatuko gara Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak 2016. urtean “kaka hutsa ziren lanen epidemia” zetorrela ohartarazi zuen eta, nahiz eta estatistikak baikorrak izan, egia esan errealitatea oso desberdina da. Gazteen langabeziak behera egin duen arren, datuek erakusten dute lana izatea eta lan duina eta egonkorra izatea ez direla gauza bera; izan ere, ezegonkortasuna, behin-behinekotasuna, partzialitatea eta soldata baxuak gazteen enpleguari estu lotuta dauden hitzak dira.

Halaber, eremu honetan beste arazo asko ditugu: genero-desparekotasuna, prestakuntza gehiegi, ziurgabetasuna, kalteberatasuna, bereizkeria lanpostuan, enpresarien gehiegikeriak, lan-kontratuak ordezkatzen dituzten praktikak eta bekak, autonomo faltsuak, eta abar.

Covid-19 gaixotasunak eragin duen osasun-krisialditik eratorritako egoera berriak kezkagarria zen egoera larriagotu egiten du eta, iraganean gertatu zen moduan, gazteria kaltetuen artean dago: aldi baterako enplegu-erregulazioak, arrazoirik gabeko iraizpenak, lan-gehiegikeria ugariago, ziurtasunik eza lanpostuan, ziurgabetasun handiago, kalteberatasun handiago, eten egin diren praktika akademikoak, eta abar. Beraz, eragozpen guzti horien ondorioz krisialdi berria dator gazteentzat.

Aurreko krisialdiak eragin zituen ondorio txar asko oraindik ez badira konpondu, datorren krisialdiak ekar dezakeenaren itxaropena guztiz etsigarria da. Hala ere, oraindik itxaropeneko abagunea daukagu. Izan ere, iraganean hartu ziren neurrien emaitzak ezagutzen ditugu, ekar zutena ezagutzen dugu eta, beraz, iraganean izan genituen okerrak saihestu ditzakegu.

Etorriko denari aurrea hartu behar diogu prebentzio-politikak bultzatuz, itxaron eta geroago politika zuzengarriak bultzatu beharrean. Gaztelaniazko esaera zaharrak dioenez, “hobe da prebenitzea sendatzea baino”.

Ezegonkortasunaren eta iruzurrezko lan-harremanen aurka borrokatu; enplegu zerbitzu publikoak sendotu eta esparru guztietatik, tokikoa ere bai, gazteei hurbildu; belaunaldi-ordezkoaren garrantziari buruz kontzientziatu; informazioa, orientabidea eta laguntza sustatu lan-tartekatzeari dagokionez; landa-eremuetan bizi diren pertsonak ez baztertu; eta autoenplegua bultzatu. Horrek guztiak ahultasun handiko egoeran dauden pertsonei arreta handia jarriz, noski. Aipatutako neurriak gazteriak lan-ezegonkortasun egoeratik ateratzeko lehenengo urratsa izan behar direla uste dugu.

Pertsonak zein eskubideak garatuko diren politika guztien oinarrian egon beharko lirateke, eta gazteriak funtsezko eginkizuna izan behar du. Gazteok etorkizuna gara, bai, baina oraina ere osatzen dugu, eta arazoak gaur ditugu. Ondorioz, arazo horien erantzuna orain izan behar da.